XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Aezkoa-ko eguna Hiriberri-n

Jaz Garralda-n, aurten Hiriberri-n, urtero herriz aldatzen da Aezkoa-ko eguna.

Horrela, ibarrako bederatzi herrietarik bakoitzak ukan dezake bestaren apailatzeko atsegin eta ohorea.

Eta beti jendea burrustan etortzen da, kanpotiarrak barne, denek jastatu nahiz euskal biltzarraren gustu berezia.

Aroaren aldetik, iraila honek denetarik bazaukan eta beraz bi igandez egin dute besta hori, lehen eguna dena euri zelakoan.

Bainan aste kulturala bukatzeko, bazen lehenik, 17-an, ostirale aratsean, mintzaldi bat, Ulibarrena-k emanik, zoinetan aipatuak baitziren Euskaldunen lehen aztarnak, ez baitakigu noizkoak, hain dira aspaldikoak...

Haatik Vascones horiek gazteagoak dira, bi mila urte baizik ez.

Noizbait, Andaluzian ere izan zitazken euskaldunak; Zaragozan segurik laugarren mendean eta Huescan ere bai.

Afari deboran, bi bertsolari famatu baziren bazterrak alaitzeko, Amuritza eta Iturriaga bizkaitarrak.

Gau guzian jendeak loriaturik atxiki dituzte.

Zinez euskal izpirituaren besta zen, dena pindar edo txinpart.

Nahi nuke jakin zein lurraldek egien duen holakorik, munduan zehar?

Luzaide-ko Anjel ainziburu-k kantatu ditu Amuritza-ren hiru bertsu, gogoz atxikiak, eta beste lau hor berean berari gogoratua.

Ez dea atsegin haudia olerkari batentzat bere bertsuak beste norbaiten ahotik entzutea? Badea goraipamen goraipamen ederragorik?

Mailarik gorenekoak direla bertan ginuen ikusi

Bota dituzten koblak entzun arte ezin daitedaiteke sinetsi.

Biharamun goizean gisa hortan ari zen kantuz Anjel bere etxean, gogoa oraindik Hiriberri-n.

19-an, iganderekin, euria beraz jeuts ahala.

Halere abereen primaketak egin zituzten, zaldi, behi eta ardi, denak hor izanez.

Gaineratekoak urrengo igandera utziz.

Aldi hontan, aro eguskitsua...

Lau ehun jende bildu ziren mahain inguruetara, ederki baino hobeki baitzuten bazkaldu, auriberriko musikari talde pollitak bota zituen bere doinu xarmegarienak.

Aezkoa-ko gaztak badu fama gaitza aspalditik bildua: hor ere izan da saristatze bat.

Lehen saria eta bigarrena Orbaitzeta-ra joan dira, Legaz eta Zabalza-ren eskuetan gelditzeko; hirugarrena aldiz Garralda-ko Barberena da agertu.

Eta zer diruketa, enkantean saldu den gazta hoberenarentzat Iruñar bat eta Aoiz-ko bat erosleak, gazta ez baitute hastio hoin ederki ordaintzeko.

Zozketa bat izan da bestalde, lehen saria baitzen aratxe bat, bigarrena pidaia bat.

Beraz zenbait egunez Aezkoa-k bizi izan du euskal giroa gain gainetik.

Euskaldunek, elkarren artean, familia haundi bat egiten dugu eta, familia guzietan bezala, erroak azkar atxikitzeko, zer da hobeago unean behin elkarretaratzea baino?